14. Actividad, Microtaller
JAKINTZA
Lehenik eta behin, haurrak gelara sartzerako, argazki desberdinak gelatik sakabanatuak utzi genituen. Ikasleak gelara sartu zirenean, borobil batean eseri ziren eta gure burua eta tallerraren nondik-norakoak aurkeztu genizkien. Ondoren, gelatik libreki ibiltzen utzi genien argazkiak ikus zitzaten eta haiei buruz haien kideekin hitz-egin zezaten. Horretarako, denbora-tarte labur bat utzi ondoren, bakoitzak irudi bat hartu zuen eta, berriz ere, borobilean eseri genituen. Irudi guztiak aztertu genituen zenbait galdera burutuz, hala nola, zer ikusten da? Nola daude irudiko pertsonak? Zergatik?
Jarraian, gerrako soinuak, uraren soinua eta zaborra jasotzen duen kamioiaren soinuak jarri genizkien. Soinu horiek aurrez zituzten irudiekin erlazionatzeko aukera eman genien, horrela zarata eta irudiaren arteko lotura aurkituz. Jarduera horren bitartez, errealitateko hainbat gertakizun eta egoera ezagutzeko aukera izan zuten eta horien inguruan hausnartzen jardun zuten. Hemen, bakoitza ze egoeratan dagoen konturatzeko aukera izan zuten, ez zituztela argazkietan ikusten zituzten egoerak pairatzen.
Ondoren, Uğur Gallenkuşen bideo bat jarri genuen. Bertan, irudi bat bi iruditan banatzen zen eta irudietako bakoitzak errealitate ezberdin bat islatzen zuen, batak aberastasunaren ikuspegitik eta besteak, berriz, pobreziaren ikuspegitik.
Bideoaren bitartez, errealitate horietaz hausnartu eta bi errealitateak bereizi genituen ondorengo jarduera prestatzeko. Arbela bitan banatu genuen, aberastasuna eta pobrezia bereiziz. Banaka-banaka, lehendik hautatuko irudiak arbeleko bi aldeetako batean kokatu behar zituzten.
Saioa amaitzeko, ikusitako argazkietako egoeretan zeuden pertsonei laguntzeko zer egin zezaketen galdetu genien eta hauek haien ideiak helarazi zizkiguten. Horrekin, saioaren inguruko hausnarketa txiki bat egin genuen denon artean eta hausnartutakoarekin, mural handi bat osatu zuten.
Jarduerarekin zerikusia duten curriculumaren gaitasunak:
Zeharkako oinarrizko gaitasunak:
Hitzezko, hitzik gabeko eta komunikazio digitalerako gaitasuna.
Ikasten eta pentsatzen ikasteko gaitasuna.
Elkarrekin bizitzeko gaitasuna.
Ekimenerako eta espiritu ekintzailerako gaitasuna.
Gaitasun teknologikoa.
Gaitasun soziala eta herritartasuna.
Euskal Hezkuntza Sistemako irakasleek gaitasun profil bat izan behar dute, beren eginkizunei eta zereginei dagozkien erantzukizunak baldintza ezin hobeetan hartzeko.
Prozedura eta jarrerak erakustea, ikasleek pentsatzen eta ikasten ikas dezaten, komunikatzen ikas dezaten, besteekin bizitzen ikas dezaten, eta izaten, egiten eta ekiten ikas dezaten.
Ikasgelako ikasketa-egoeren proposamenak egitea, aplikatzea eta ebaluatzea, irakaskuntza-edukietan, ikasleen ezaugarrietan eta zeharkako eta diziplinazko oinarrizko gaitasunetan oinarrituta.
Ikaskuntza-prozesuak ikertzea, berritzea, garatzea eta ebaluatzea, haien eta irakaskuntza-talde eta -sareetako jardunaren gaineko gogoetatik abiatuta.
Proposamen didaktikoak ikasle bakoitzaren beharretara egokitu eta egokitzea.
Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak erabiltzea eta curriculumean sartzea.
Guk sentitutakoari dagokionez, esan beharra dugu, hasiera batean nahiko galdurik eta beldur edo errrespetu pixka batekin joan ginela, ez baigenekien haurrek nola erantzungo ziguten. Horretaz gain, gai konplexua iruditzen zitzaigun haurrei azaltzeko, izan ere, gai abstraktu honetaz ez dugu egunerokotasunean naturaltasunez hitz-egiten. Hala eta guztiz ere, gure harridurarako, oso ondo erantzun zuten eta saioaren nondik-norakoak erraztasunez jarraitzen lagundu ziguten. Gainera, ikusi genuen, askotan, uste duguna baino gehiago ulertu eta dakitela. Oro har, esperientzia aberasgarria iruditu zitzaigun eta berriz errepikatuko genuke, gai honekin zein beste edozein gairekin.
Bideoari dagokionez, adingabeak agertzen direnez, ezin dugu blogean egindako bideoa argitaratu.
Comentarios
Publicar un comentario